Inma Hernandez, "Gipuzkoan, desgaitasuna duen inor ez da bakarrik geratuko"

Asteartea, Maiatza 10, 2022

Inma Hernandez (Legazpi, 1963) Gertuan Fundazioko lehendakariak, Goiberri aldizkarian eman du elkarrizketa. Jarraian elkarrizketaren laburpena, baina osorik irakurri nahi izanez gero, klikatu hemen:

Atzegik fundazio bat sortu zuen orain dela 38 urte, desgaitasuna duten pertsonak bakarrik geratzen direnean laguntzeko xedez. Gertuan Fundazioa deitzen da orain, eta Inma Hernandez Leon (Legazpi, 1963) da lehendakaria duela sei urtetik. Alabaren desgaitasunak eraman zuen Atzegi elkartera, eta Atzegitik fundaziora egin zuen salto gero. Gizartean mundu horrekiko ezjakintasuna dagoela dio.

«Adimen desgaitasuna duten seme-alabak ditugunok beti daukagu kezka bat: zer gertatuko da gu ez gaudenean?»

Zer da Gertuan Fundazioa?

Adimen desgaitasuna duten seme-alabak ditugunok beti daukagu kezka bat: gu ez gaudenean zer gertatuko da? Atzegiko gurasoak horrekin kezkatuta zeuden duela 38 urte, eta fundazio bat sortu zuten, bereziki familiarik gabe geratzen ziren pertsonak atenditzeko. Atzegi Babes Fundazioa izenarekin jaio zen, eta orain Gertuan Fundazioa da. Ni naiz lehendakaria 2016tik.

Zein da fundazioaren helburua?
Bizitzako etapa guztietan laguntzen diegu, gu gurasoak bagina bezala. Bizitzako esparru garrantzitsuetan erabakiak hartzen laguntzen diegu: lana, etxebizitza, aisialdia, osasuna, diruaren kudeaketa… Normalean gurasook egiten dugu lan hori, eta hil ondoren, gehienetan anaia-arrebek, osaba-izebek… Baina beste seniderik ez dagoenean? Orduan fundazioa arduratzen da.

Ez al da hori administrazioaren lana?
Diputazioaren betebehar bat da, baina Gipuzkoan hitzarmen bat dugu. Aldundiak konfiantza osoa du Gertuanengan, eta gure aurrekontuaren zati handiena finantzatzen du. Lankidetza sistema hau eraginkorra iruditzen zaigu. Gertuan fundazio apala da; baliabide nahiko mugatuekin ekarpen handia egiten dio gipuzkoar askoren ongizateari.

Zeini laguntzen diozue fundazioan?
Adimen edo garapen desgaitasuna duten Gipuzkoako pertsonei, babesgabetasun egoeran daudenei. Adimen desgaitasuna izanda laguntza behar dute gauza askotarako, eta gainera, babesgabe daude, ez daukate inor laguntzeko.

Lagun askori ematen diozue laguntza?
Gaur egun 185 pertsona laguntzen ditugu Gipuzkoan. Goierrin 21 pertsona dira, eta Legazpin, nire herrian, hamar.

«Fundazioak 185 pertsonari ematen die laguntza Gipuzkoan. Goierrin 21 pertsona dira, eta Legazpin, hamar»

Zenbat langile dituzue horretarako?
Gaur 11 langile ditugu, profil anitzekoak. Gizarte arlokoak dira gehienak, administrariak ere bai. Langile taldea fundazioaren arima da. Laguntzen ditugunentzako erreferentziazko pertsonak dira, eguneroko beharrak, ilusioak, ezustekoak… partekatzen dituzte. Haien lana txalotxekoa da. 44 boluntario ere baditugu, gehienak emakumeak.

Zein da boluntario horien funtzioa?
Oso garrantzitsua da. Laguntza ematen dute atal zehatz batzuetan: paseo bat emateko, kirola egiteko, erosketak egiteko… Boluntarioentzako oso lan atsegingarria da, eta Goierrin ere egin daiteke! Baten bat animatzen bada, 943 05 10 95 telefono zenbakira deitu dezala. Gure bulegokoa da zenbaki hori. Iaz arte Atzegiko bulegoetan egon gara, Donostian, baina hura txiki geratu zitzaigun, eta babes ofizialeko lokal bat erosi genuen Morlans auzoan, zentrotik gertu.

Orduan aldatu zenuten izena?
Bai. Izena aldatzeko momentua zela pentsatu genuen. Zergatik? Nahastu egiten gintuztelako. Atzegi Babes Fundazioa zen lehen. Alde batetik ‘babes’ hitz hori… legea aldatu da eta terminologia hori ez da erabiltzen dagoeneko, gaur laguntzaz hitz egiten da babesaz baino gehiago. Babesaren figura juridiko hori ez dago dagoeneko, eta hori kendu nahi genuen izenetik. Bestalde, bereiztu egin nahi genuen Atzegik egiten duena eta fundazioak egiten duena.

Zeintzuk dira Atzegiren eta Gertuan Fundazioaren arteko aldeak?
Atzegi senideen elkarte bat da, bultzatzen duena gizartean adimen urritasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea, parte hartze handiagoa izatea, eskubideak defendatzea, zerbitzuak sortzea… Bizitzan inor bakarrik gera ez zedin sortu zuen Atzegik fundazioa, eta horretara dedikatzen gara. Izenagatik askotan nahasten gaituzte, eta horregatik aldatu genuen. Gertuan aukeratu genuen, hurbiltasuna, konfiantza, afektua adierazten duelako. Lana nola egiten dugun deskribatzen du.

Nolakoak dira laguntzen dituzuenak?
185 pertsona horien profila nahiko zabala da. Batzuk etxebizitza babestu batean bizi dira, beste batzuk bere kabuz, edo erakunde batean. Batzuk Gureakera joaten dira lanera, beste batzuk Garagunera, edo enpresa arruntean lan egiten dute. Kuadrilla batekin ateratzen dira, Txolartera joaten dira… Batzuek adimen desgaitasuna dute bakarrik, beste batzuek horrez gain arazo mentalak edo portaera arazoak ere bai, edo drogamenpekotasuna. Gu hor gaude, guztiei laguntzeko behar dutenean.

Nolako laguntza ematen diezue?
Batzuek inguruan badute norbait haietaz kezkatuta, eta gu laguntza zehatzetarako gaude bakarrik, adibidez gaixorik daudenean. Beste batzuek bere bizitza antolatzeko laguntza behar dute, beti haien nahien arabera. Adibidez, gurasoak hiltzean etxean jarraitu nahi dutela esaten badute, agian pertsona bat bilatzen diogu garbiketarako, edo gainean egoten gara oso triste badago, edo dirua kudeatzen laguntzen diogu. Osasun arloko aholkua edo laguntza behar dutenean ere laguntza ematen diegu, ebakuntza baten aurrean adibidez. Oso garrantzitsua da egiten dugun lana, Gipuzkoan ez da inor bakarrik geratuko.

Epaileen esanetara dago guztia?
Bai, beti-beti epaile batek erabaki behar du pertsona bat fundazioaren kargu geratzea. Gainera, epaileak esaten digu nola lagundu, hau da, izan daiteke eskubide eta betebehar guztietan, edo bakarrik diruarekin, adibidez. Lehen tutela edo babesaren figura zegoen, eta orokorra zen, baina legea aldatu zen iaz, eta orain joera da laguntza bereziak jartzea, behar direnean bakarrik. Azken batean, pertsona horiek ahalik eta independentzia handiena matentzea da helburua.

Nork gidatzen du fundazioa?
Patronatu bat du atzetik. 14 pertsona gaude, fundazioaren bidea eta esentzia markatzeko. Kideon artean, desgaitasunaren munduan dauden elkarte garrantzitsueneko partaideak gaude, Atzegi, Aspace, Gautena, Fundacion Goienetxe… baina maila pertsonalean.

Zer falta da lortzeko oraindik?
Erronka da beti pertsonaren beharretara egokitzea. Une honetan, lege aldaketarekin, adi-adi gaude epaileek nolako epaiak ematen dituzten ikusi, eta laguntza pertsonalizatu hori nola eman antolatzeko.

Fundazioan jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, oso gustura nago, eta lanean jarraitu behar dela uste dut. Nire aurretik beste batzuek egin zuten lan, eta haiengatik gaude gauden bezala.

Iturria: Goiberri: www.goiberri.eus