38 urteko ibilbidearen ostean, Atzegi Babes Fundazioak izena aldatzearen eta egoitza berriaren irekiera ekitaldia egin du

Ostirala, Urtarrila 21, 2022

Gaur goizean egin dugu Gertuan Fundazioaren egoitza berriaren inaugurazioa, orain arte Atzegi Babes Fundazio bezala ezagutu izan dena. Donostiako Morlans pasealekuan kokatuta, lokal eta izen berria estreinatu ditugu, adimen-desgaitasuna duten pertsonen tutoretza-jardueran 38 urteko ibilbide “luze eta oparoaren” ondoren. 


Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak txalotu egin du fundazioaren beraren lana, baita desgaitasun intelektuala duten pertsonei laguntza eta arreta ematen dieten gizarte-erakundeena ere, “hartutako konpromisoagatik eta dedikazioagatik, eta pertsona guztien parte-hartze osoa defendatzeagatik, inor bere desgaitasunagatik kanpoan utzi gabe”.


Ekitaldian, diputatu nagusiarekin eta Gizarte Politikako diputatua den Maite Peñarekin batera izan dira Inma Hernandez, Gertuan Fundazioko gure presidentea, Joxean Idoeta, eta fundazioarekin batera desgaitasuna duten pertsonak babesten eta laguntzen lan egiten duten gizarte erakundeetako ordezkariak: Gautena, Aspace, Goyeneche Fundazioa, Gureak, Uliazpi, Hurkoa eta Plena Inclusión Euskadi. 

 


Komunikabideei egindako adierazpenetan, diputatu nagusiak eta Gertuaneko presidenteak azpimarratu dute beharrezkoa dela laguntza mota guztietan sakontzen jarraitzea, “desgaitasuna ez baita arrazoi legitimoa pertsona bakar baten gaitasun juridikoa ukatzeko”, eta horrela islatzen da berriki egin den ordenamendu juridikoaren erreforman.


Lege berriaren harira, Inma Hernandez, Gertuan Fundazioko presidenteak adierazitakoaren arabera: “laguntza-sistema berri bat ezarri da, desgaitasunen bat duten pertsonek beren gaitasun juridikoa egunerokoan erabili ahal izan dezaten. Laguntza-mekanismo berriez hitz egiten da, erabateko autonomia eta duintasunarekiko errespetua sustatuz, hurbiltasunetik, afektutik eta konpromisotik”, Inma Hernandezek azaldu duenez.


Diputatu nagusiak eskerrak eman dizkie lurraldeko babes sareari eta gizarte ehunari, prozesu horretan duten “funtsezko” eginkizunagatik, “eta bide hori egiten jarraituko dugu Gertuanekin. 

38 urteko ibilbidea
Babesgabetasun egoeran dauden eta adimen edo garapen desgaitasuna duten pertsonei laguntzen diegun erakundea da Gertuan, familiarik ez dutelako edo laguntza eman ezin dietelako. Epaile batek epai batean neurri judizial gisa ezartzen dituen laguntzak dira, eta beharrezko neurriak ezartzen dira gaitasun juridikoa gauzatu ahal izateko.


2022an, Gertuan fundazio sendoa eta erreferentea da Gipuzkoan, eta gaur egun 178 pertsonari ematen diegu laguntza; horietatik %25 modu autonomoan eta independentean bizi dira, eta ehuneko horrek gora egiten jarraitzen du modu esponentzialean, duela sei urtetik hona 12 puntu igo baita.